XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) Broglie-ek uginkortzat geneukan argia benetan alekor dela erakutsi zigun, baiña gero Broglie-k egiztatu zuanez alezko jario bat (eletron-jario bat) uginkor ere ba denaz jabetu gara.

Egia esan, aldi hartako fisikalariak erotu eta zernahi gerta zitekeela zirudien.

Born-ek aurkitu zion korapillo horri bere askapidea, ugiña ale batek toki baten egoteko daukan zoriaren neurriaren adierazgarri dela ikusi zuenena.

Horrela alexka bat zabaldiaren zati baten ibilli baldin badabil, ugiñak zera ematen digu: Zati horren barruko toki bakoitzean aurkitzeko dagoen zoriaren neurria, zorineurri haundienari ugin-bizkarra eta alea iñola egon ezin daiteken tokiei ugiñaren goratasun hutsa dagozkiela.

Baiñan zer esanahi ote dagokio, guzti hortan, funtsezko zela garbi ikusten zen Planck-en kuantoari, h-ri?.

Heisenberg-ek aurkitu zuen azkenean; hona hemen nola.

h baiño txikiagorik atzi eziña darabilzkikegun neurtailluen zakartasunean ez baiñan ekaiaren beraren izakeraren funtsean datzanez ohar gaitezen lehenbizi.

Ibilli dabillen alexka bat (eletron bat adibidez) aurkitu eta zenbateko laistertasunez dabillen jakin nahi dugula eman dezagun.

Horretarako argi-izpi batez baliatuko gara, eta argi-ugiña bizkar-tartez zenbait eta txikiago are zehazkiago jabe gintezke alexka dagoen tokiaz; damurik, ugiñaren bizkar-tartearen txikitasunak sarritasun haundikoa dela esan nahi du, energia haundikoa beraz (e = hv).

Horrek, ordea, eletronari gogor eraso eta, honenbestez, zeukan laistertasuna aidarazi egingo dio.

Energia gutxiko argia bagenerabil berriz, alderantziz gertatuko litzateke: Laistertasunaz zehazkiago jabetu bai, jabetu ginateke, baiñan argi-ugiñaren bizkar-tartea haundia litzatekela, tokiarekikoan galduko genuke laistertasunarekikoan irabaz genezakena.

Nunahitik jotzen dugula, tokia eta laistertasuna erabateko zehaztasunez neurtzerik ez daukagu eta, hori, ekaiaren izakeraren halabeharraren halabeharrez, hemen ere h bait-dugu lor genezaken zehaztasunaren azpimuga; beraz, neurkizun zaizkigun guztietan, bultzaren aldakuntza / tokiarena behar du, nahi eta ez.

Hau dugu, izan, Heisenberg-en zehaztueziñaren abialegea.